XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iruditzen zitzaion, nonbait, haur xipi bat bezala atera ninduela paseoz.

Dena erakusten zidan, nik bide hura inoiz ibili ez banu bezala.

Banekien Oteiza ez zela etxe hartan bizi, han jaioa izan arren.

Ordea, ez nion ezer esan.

Nahiago nuen bere enkantamendu hark iraun zezan.

Inoiz hitz bat edo beste egiten genuen, baina isilik gindoazen gehienetan.

Ines gidatzen ari zen.

Oso serioski hartzen zuen bere egitekoa.

Benetan xarmanta agertzen zen postura hartan.

Gonak oso gora jasoak zituen.

Eskuarki frakak jazten zituen.

Negu guztia frakarekin ibili zen.

Egun hartan minigona bat zekarkien. Kolore askotakoa.

Eskozesa deritzala uste dut.

Blusa zuria zen.

Bere jazkeraz esan zitekeen udarari aurrea hartu nahi ziola.

Izter erdiraino jasoa zuen gona.

Bere larrua zuriska iruditu zitzaidan.

Izan ere, negu guztian ez zituen haizeatu.

Baina oso leunak ziruditen haren izterrak.

Zimelak ziren, ez zuten haragirik sobera.

Belaun kozkorretako azalak kolore berunagoa zuen.

Ene begiek izter haietara egiten zuten so.

Instant batez pentsatu nuen zer gerta ote zitekeen ene eskuak haren izterretan pausatzeko ausardirik izanen banu.

Baina ez nintzen ausartu.

Bildur nintzen Inesen harriduraz.

Sorbalda arko bat bezala zeramakian, aurrera makurturik.

Erabat bere eginahaletan ari zen.

Bere blusa arinaren zehar sujetadorearen marka nabari zen.